Militarismoarekin eteteko eskatu diote EHUri bertako 147 irakaslek, Elkanoren omenez Getarian egitekoak diren ekitaldien harira

Uztailaren 6an eta 7an Getarian Elkanoren omenez antolatu duten Horizonte Elcano ekimenaren harira, gutuna plazaratu dute hedabideetan EHUko 147 irakaslek. Bertan, militarismoarekin eteteko eskatzen diote Euskal Herriko Unibertsitateari.

“Konbentzituta gaude indar armatuekin eta beste herriak txikitzen dituen euskal armagintzarekin kolaboratzea ez dela sartzen betebehar hauen artean, baizik eta kontrakoa. Aniztasun kontzeptu zabalaren barruan denak ez du lekurik, ez behintzat militarismoa eta herrien suntsiketa ahalbidetzen eta normalizatzen dituzten ekimenek” diote.

Hemen hedabideetan argitaratu duten gutuna, osorik:

EHU, ETEN KOLABORAZIOA MILITARISMOAREKIN

Uztailaren 6an eta 7an Horizonte Elcano ekimena garatuko da Getarian (https://horizonteelcano.com). Bertokoa zen pertsonaia honen figura goraipatzeko prestaturiko programan lau marina mota batuko dira: arrantzakoa, merkataritzakoa, kirolekoa eta armada. Hain zuzen ere, Horizonte Elcano ekimenaren bultzatzaile nagusien artean Armada espainiarra dago, ekimenaren aurkezpenean Armadaren ordezkaria Ignacio Horcada almirante-ordea presente egonda.

Beste euskal entitate, elkarte eta enpresa kolaboratzaileen artean (baten bat armagintzari lotua) EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskola ere badago. Horrez gain, euskal kostaldean egingo den itsas zeharkaldian Saltillo-k, eskola horren belaontziak, parte hartuko du, beste itsasontzi batzuen artean, Armadaren Juan Sebastián Elcano eskola-ontziarekin batera.

Ez da UPV/EHU militarrekin eta armagintza industriarekin harremanetan agertzen den lehenengo aldia. Ez gaitu harritzen, beraz, baina haserrea bai, sortzen digu. Izan ere, indar armatuekin eta armagintzari lotutako entitateekin UPV/EHUk izan dituen harremanak eta dauzkan kolaborazioak ez dira gutxi izan, aurreko gobernu taldeekin eta oraingoarekin ere bai. Batzuk aipatzeagatik:

·Ikastaroak eta mintegiak Defentsa Ministerioarekin batera. Haien artean, aipa daitezke 2013an ikasleei zuzendutako bakea, segurtasuna eta defentsari buruzko mintegia, 2016ko uztailean UPV/EHUko Ingeniaritza Eskola egindako Structural Health Monitoring of Military Vehicles adituen topaketa (NATOko zientzia eta teknologiaren erakundearekin eta Defentsa Ministerioaren Arma eta Materialen Zuzendaritza orokorrarekin batera antolatuta) edota 2017ko uztailean Donostian egindako La seguridad y la defensa de Europa uda ikastaroa, Ejertzitoaren lau ofizialen parte hartzearekin.

·UPV/EHUren parte hartzea Espainiako Plataforma Teknologiko Aeroespazialean, 2017ko urtarrilaren 26ko gobernu kontseiluan onartua. Plataforma horren bazkideen artean honako hauek daude: TEDAE (Estatuko armagintza enpresen patronala, bere egoitza Plataforma honekin konpartitzen), INTA (Defentsa Ministerioaren ikerketa organismoa), DGAM (Defentsa Ministerioaren Arma eta Material Zuzendaritza Orokorra) eta armagintzan aritzen diren enpresa batzuk.

·Armagintzan parte hartzen duten zenbait euskal enpresekin (ITP, Aernnova, Sener…) hitzarmen eta kolaborazioak izatea, bai ikasleek praktikak egiteko, baita ikerketa garatzeko ere.

UPV/EHUko Gobernuaren taldetik, argudia daiteke hitzarmen eta kolaborazio horiek legezkotasunaren barruan daudela eta kasu askotan zentroen autonomiaren barruan edota katedra-askatasunean kokatzen direla. Hori horrela bada ere, UPV/EHUko langileok ezin dugu beste aldera begiratu euskal unibertsitate publikoa halako harremanetan sartzen denean. UPV/EHUren funtzioa euskal jendartearen beharrei erantzutea da, eta bere ekimenak hitz hutsetan geratu ezin diren baloreetan oinarritu behar dira. Konbentzituta gaude indar armatuekin eta beste herriak txikitzen dituen euskal armagintzarekin kolaboratzea ez dela sartzen betebehar hauen artean, baizik eta kontrakoa. Aniztasun kontzeptu zabalaren barruan denak ez du lekurik, ez behintzat militarismoa eta herrien suntsiketa ahalbidetzen eta normalizatzen dituzten ekimenek.

Kezkagarria iruditzen zaigu ere UPV/EHUko arduradun nagusiek onartzea gure herrian legitimazio oso gutxi daukaten militarismoaren instituzioek unibertsitatea erabiltzea beren aurpegia garbitzeko. Izan ere, aipatutako jarduera batean Armadaren alboan UPV/EHU-k parte hartzeak euskal kostaldean itsasontzi militar baten presentzia normalizatzen du.

Ekimen honetatik haratago, zer unibertsitate eredu nahi dugun da muina. Eta, diskurtsoaz gain, halako jardueretan ere islatzen da unibertsitatearen izaera.

Horregatik, unibertsitatea pentsamendu kritikorako eta injustiziak eta zapalketa salatzeko gunea izan behar delako ere, artikulu hau sinatzen dugunok (UPV/EHUko irakasle, ikertzaile eta administrazio eta zerbitzuetako langileok) Bilboko Ingeniaritza Eskolari Armadarekin batera egitekoa den ekitaldi honetan bere parte hartzea bertan behera uztea eskatzen diogu. Era berean, UPV/EHUko Gobernu taldeari eskatzen diogu parte-hartze hau ezestea eta, horretatik haratago, antimilitarismoaren baloreekin bat egitea, baita militarismoari eta armagintzari lotutako instituzio eta enpresekin harreman guztiak moztea ere. Militarismorik gabeko UPV/EHUren alde.

ARTIKULU HAU EHU-KO IRAKASLE ETA LANGILE HAUEK ERE IZENPETU DUTE: Ekai Txapartegi, Aizpea Leizaola, Olatz Gonzalez Abrisqueta, Imanol Murua Uria, Iratxe Retolaza, Arantza Gutierrez, Ismael Manterola, Izaskun Alboniga, Joxe Larrañaga, Rosa Lago, Dorleta Guzman, Izaro Goristidi, Estitxu Villamor, Olatz Perez de Viñaspre, Xabier Soto, Luis Maria Agirrezabala, Itziar Amezaga, Iñaki Camino, Itziar Egileor, Ane Larrinaga, Aitor Ahedo, Saioa Larraza, Eneko Sansinenea, Iker Sancho, Unai Igalde eta beste 116 sinadura.



Leave a comment

Your email address will not be published. Required fields are marked *