Elkanori Bira herri ekimena sortu dute hainbat lagunek, Elkanoren eta historia eurozentristaren inguruan hausnarketa bultzatzeko eta orain arte historiak isilarazitakoak lehen lerrora ekartzeko: emakumeak, jatorrizko herriak eta inperialismoaren kalte zuzenak sufritu eta sufritzen dituztenak.
Ekimenarekin bat egiten duten lehen ehun norbanakoen eta eragileen zerrenda ere plazaratu dute, bost hizkuntzatan argitaratutako manifestuarekin batera.
Norbanakoen artean, besteak beste, Uxue Alberdi eta Miren Artetxe bertsolariak, Amelia Barquin eta Asier Blas EHUko irakasleak, Eñaut Elorrieta eta Patxi Saiz musikariak, Santiago Alba Rico filosofoa, June Fernandez eta Mikel Aramendi kazetariak, Kattalin Miner, Hedoi Etxarte, Iban Zaldua eta Joxemari Esparza idazleak ageri dira, kazetariekin, historialariekin eta mugimendu feministako zein mugimendu internazionalistako hainbat lagunekin batera.
Ekimenarekin eta manifestuarekin bat egin duten talde, elkarte eta eragileei dagokienez, berriz, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa, Askapena, Komite Internazionalistak, LAB sindikatua, ELA sindikatuaren Manu Robles Arangiz fundazioa, Euskadi-Cuba elkartea, Euskal Herrian Euskaraz, Getariako Eskubide Sozialen Karta eta Getariako Gazte Asanblada, KEM-MOC talde antimilitarista, Ongi Etorri Errefuxiatuak edota Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundea ageri dira, hainbat herri eta eskualdetako talde feministekin eta beste hainbat eragilerekin batera.
Elkanori Bira herri ekimenak manifestuan nabarmendu duenenez, Elkanoren bidaiaren bosgarren mendeurrena aitzaki hartuta “gaur egungo interes politiko eta ekonomikoen arabera moldatu nahi dute historia. Eta horretarako dirutza publikoa inbertitu dute kontakizun ofiziala indartzeko, hainbat kultur adierazpenen bitartez: zinema, musika, telebista, antzerkia, kongresuak, kirola”. Elkano, ordea, ez zen izan erakutsi zaigun itsasgizon eta merkatari eredugarria. Oran hiriaren konkistan aritu zen Cisneros inkisidore handiarekin batera, eta 1519-1522 urteen arteko bidaian ere batean eta bestean hildakoak eta bortxatuak utzi zituzten, bidaide izan zituen Antonio Pigafettaren eta Francisco Alboren egunerokoek erakusten duten moduan.
Horren guztiaren aurrean, Joan Sebastian Elkano omentzearen eta eredutzat aurkeztearen zentzugabekeria nabarmendu nahi du Elkanori Bira herri ekimenak, horrek etorkizuna baldintzatzen duela iritzita:
“irabazleek idatzitako historia gaur modu akritikoan aldarrikatzeak iraganeko akatsak errepikatzera garamatza. Guk, ordea, bestelako etorkizun bati ireki nahi dizkiogu ateak”.
Azken batean, Elkanori Bira herri ekimenaren iritziz, “gaur egungo mundua, historia eta eta botere harremanak ulertzeko modua dago mendeurreneko ospakizun eta ekitaldi guztien atzean. Europarrek egindakoa akritikoki onartzen duen historia. Hiltzaileek idatzitakoa. Horri buelta emateko eta egia azaleratzeko garaia da. Mendeurrena horretarako ispilu egokia denez, oraingoan, ez dugu isilik geratu nahi izan. Erakunde publikoei dagokie historia, ondarea eta memoria zaintzea. Baina kasu honetan, ezkutatu egiten dute. Aurrerantzean, beraz, pedagogia lana egitea dagokigu, isilarazitakoak lehen lerrora ekartzeko”.
Amaitzeko, “historia modu akritikoan eta otzanean aurkeztu nahi dutenen gainetik, eta lobby turistikoen zein interes politikoen gainetik, Elkanoren eta Gaztelako Koroaren benetako aurpegia ezagutarazteko eta zapalduen memoria aldarrikatzeko antolatuko dituen ekimenetan parte hartzeko deia” egin nahi izan du Elkanori Bira herri ekimenak.
Manifestua:
· Bazterketarik gabeko historia, kultura eta etorkizunaren alde (euskaraz).
· Per una història, cultura i futur sense exclusió (català).
· In defense of history, culture, and a future free of exclusion (english).
· Por una historia, cultura y futuro sin exclusión (español).
· Pour une histoire, une culture et un avenir sans exclusion (française).
Lehen 100 sinatzaileak (hemen zerrenda osoa).