Testua: Getariako Liburutegia. ‘Artzape’ aldizkarian.
Munduari bira emateko itsas bidaia hartan, 1519ko udatik 1522ko iraila bitartean Armadakoek burutu zituzten gerrak, hilketak, heriotza zigorrak, giza ehizak, desterruak, bahiketak, esklabo salerosketak, txikizioak eta era askotako bortxakerietatik batzuk irakur ditzakezu Getariako liburutegian dauzkagun ale hauetan:
—La Primera vuelta al mundo izeneko bilduma, Miraguano argitaletxea, 2012. Liburu honek biltzen ditu zazpi pieza: 1) Elkanoren gutuna Enperadoreari, 2) Maximiliano Transilvanoren gutuna, 3) Francisco Alboren idazkiak, 4) Duarte Barbosaren lagun portugaldar baten kontakizuna, 5) Genoako pilotu baten kontakizuna, 6) Gines de Mafraren kontakizuna, eta 7) Antonio Pigaffeta italiarraren egunerokoa; denen artean azken hauxe da kontakizun luzeena eta nagusia.
—Ramon Seoane Ferrerrek idatzitako Juan Sebastian Elcano, Gipuzkoako Foru Aldundia, 1929.
—Juan Cabalek idatzitako Juan Sebastian Elcano, Juventud Coleccion Para Todos, 1944.
—Eta euskaraz, Gari Berasaluzek idatzitako Elkano, itsasoak emandako bizitza, Txalaparta, 2008.
Munduari bira ematera abiatu baino lehen, Espainiako Armadarekin bi gerra hauetan parte hartu zuen Elkanok: Orango Konkista 1509an, Cisneros kardinalaren agindupean; eta urte batzuk geroago Italiako gerran, Gonzalo Fernandez de Cordoba (Gran Capìtan) militarraren agindupean.
Frankismoan plazara
Getariako Plazan dagoen marmol zurizko estatua Ricardo Bellver eskulturgileak egindakoa da 1881ean, Espainiako Minsterio de Ultramar (Ministerio de Asuntores Exteriores) delakoaren enkarguz.
Espainiako Bigarren Errepublika garaian, Getariako udaleko arkitektoak Elkanoren estatu hura eskatu egin zuen bertarako, eta Ministerioak baiezkoa esan eta 1934an Madrildik Getariara ekarri zuten. Halaxe adierazita dago 1934ko irailaren 21eko udalbatzarreko aktan.
Gerra garaian, 1937ko uztailaren 25ean alkateak eta udalbatza frankistak erabaki zuten: 1) Altxamenduaren urteurrena zela-eta, Francori atxikimendu telegrama bidaltzea, eta 2) Elkanoren estatua herriko plazan jartzea. Abuztuan ipini zuten plazan, eta ofizialki irailean inauguratu, “cabalgata de Elcano” deitzen zuten egunean.
Honela azaldu zuen Jaca Española (Órgano de la Oficina de Prensa y Propaganda) aldizkariaren 349 zenbakiak 1937ko irailean: “En la ruta imperial de España, Guetaria es uno de los hitos más importantes. Hoy, día 5 de septiembre, se verificará con especial solemnidad una ceremonia de simulacro: el arribo de Juan Sebastián a su villa natal, el paseo triunfal en carroza por las calles del pueblo, entre vítores y aplausos. He ahí cómo al identificarse Guetaria con la heroica empresa y venerar cada año al marino que allí nació con esplendores del sol, mantiene limpio y cuidado un hito imperial español”.