Lekeitioko “Elkano Hankaz Gora” herri ekimeneko kide Ander Plaza eta Suni Reizabal elkarrizketatu dituzte Lea Artibaiko Hitzan.
Lekeitioko herri ekimenak antolatuta, ‘Kolonialismoa, Elkanoren mundu bira eta kapitalismoaren hedapena’ hitzaldia eskainiko du Iñaki Gil de San Vicente militante eta pentsalari marxistak abenduaren 2an, 18:00etan, kultur etxean.
Zergatik abiarazi zenuten Elkano Hankaz Gora ekimena?
Ander Plaza: 2018an Elkano-Magallanesen mundu biraren
urteurrena sustatzeko Nao Victoria ontziaren erreplika Euskal Herriko
portuetara ekarri zuten eta baita bisita gidatuak antolatu ere.
Lekeitiora zetorrela ikusita, lagun batzuk batu ginen kolonialista eta
inperialista zen sinbolo horri «txarto etorria» emateko. Ikusita
datorren urterako mundu biraren 500. urteurrenaren harira Espainiako
Gobernuak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeek Espainiako
armadaren «balentria paregabea» eta Elkano bera omendu eta goraipatzeko
kanpaina areagotu dutela, Elkano Hankaz Gora, Zapalduen Historia
argitara ekimena abian jarri genuen. Beharrezkoa ikusi dugu gertatu
zenaren ikuspegi kritiko bat mahaigaineratzea eta horretarako hitzaldi
sorta bat antolatu dugu.
Suni Reizabal: Sorpresaz eta tristuraz ikusi genuen horren aurrean Euskal Herrian zegoen erantzun urria, kontraste handia baitago 1992ko urtean Amerikako Konkistaren V. mendeurrenaren harira herri mugimenduak eta ezkerrak, orokorrean, antolatu zutenagaz. Guk, 1992an egin zen bezala, ospatzeko ezer ez dagoela aldarrikatzeko eta historia zapalduon ikuspuntutik kontatzeko beharrizana ikusi dugu, kontakizun ofiziala kolokan jarri eta gezurra biluzteko. Hori da gure ekimenaren helburua. Horrez gain, 2019an Euskal Herrian hainbat eragilek sortutako Elkanori Bira manifestuagaz bat egin genuen.
Lehenengo hitzaldia urrian egin zenueten. Erantzuna zelakoa izan zen?
A.P.: Urriko hitzaldia
Axier Lopez Argia-ko kazetari eta Elkanoren Bira ekimeneko kideak
eskaini zuen. Nahikoa jende hurreratu zen eta argi ikusi da badagoela
interesa gaiaren inguruan.
S.R: Lopezek kolonialismoaren inguruan berba egin zuen
eta batez ere, azken urteetan munduko hamaika txokotan kolonialismo hori
bultzatu eta bertatik aberastu ziren pertsonen aurka sortu diren
ekimenak gogoratu zituen. Euskal Herriko herri gehienetan, ordea, figura
horiek goraipatu egiten dira oraindik.
Ander Plaza: “Historiatik gauza asko dauzkagu ikasteko, are gehiago gaur egunera arteko inplikazioak dituzten gertaeretatik”
Historia «menperatzaileen interesen arabera» idatzi eta kontatzen dela diozue. Nola aurre egin ahal zaio horri?
S.R: Argi dago historia ofiziala boterean dagoenak
idazten duela. Horren aurrean, guri, zapalduoi dagokigu zapalduon
memoria berreskuratzea, zapalduen historia kontatzea, internazionalismo
eta herrien elkartasunetik kontakizun ofiziala kolokan ipintzea. Kasu
honetan, mundu bira eta Elkano hankaz gora jartzea. Herritar xumeok
hausnartu beharko genuke zer pertsonaia eta pasarte historiko omendu eta
goraipatu beharko liratekeen. Izan ere, sarri askotan botereak
inposatutako historia eta tradizioak geure egiten ditugu irakurketa
kritikorik egin barik.
A.P.: Ez gaude beste garai historiko batzuk
gogoratzearen kontra, baina ezinbestekoa zaigu hau zapalduen ikuspegitik
egitea: herri zapalduen ikuspegitik, langile esplotatuen ikuspegitik,
bahitu eta esklabo bihurtutako pertsonen ikuspegitik, sarraskitutako
milioika pertsonen ikuspegitik, bortxatutako pertsonen ikuspegitik,
jatorrizko herrien ikuspegitik… Historiatik gauza asko dauzkagu
ikasteko, are gehiago gaur egunera arteko inplikazioak dituzten
gertaeretatik.
Suni Reizabal: “Eliza eta inperioen ezpata eta gurutzearen bitartez egindako sarraskia eta sakeoa ikaragarria izan zen, eta ondorioak orain arte heltzen dira”
Mundu biraren urteurrenari dagokionez, ospatzeko baino lotsatzeko gehiago dagoela deritzozue?
S.R: Elkanoren espedizioa 1492tik aurrera hasitako
konkistaren testuinguru orokorrean kokatu beharra dago, kolonialismoa,
genozidioa, arpilaketa eta esklabutza suposatu zuena. Mundu bira hura,
proiektu inperialista eta kolonialista oso baten baitan ulertu behar da.
Eliza eta inperioen ezpata eta gurutzearen bitartez egindako sarraskia
eta sakeoa ikaragarria izan zen, eta ondorioak orain arte heltzen dira.
Lotsatu baino, zapaldutako herri horiekin batera exijitu beharko genuke
zapaltzaileei egindako laudorioak desagerraraztea.
Aurrera begira zer gehiago antolatuko duzue?
A.P.: Iñaki Gil de San Vicente militante eta pentsalari
marxistak bihar eskainiko duen hitzaldiaz gain, urtarrilean Idoia
Arrieta historialariaren hitzaldia edukiko dugu. Besteak beste, 1492tik
aurrera abiatutako konkista testuinguru orokorrean kokatuko du Arrietak.
S.R: Eta aurrera begira ere baditugu beste zenbait
ideia buruan. Printzipioz, 2022ko irailaren 6ra arte jarraituko dugu eta
egun horren inguruan jatorrizko herrien erresistentziaren aldeko ekimen
bat antolatu nahi dugu Lekeitioko mugimendu ezberdinekin.